Ondo gogoratzen dut egun hura. Itxaronaldi luze baten ostean, azkenean, esku artean nituen nire lehenengo argazki analogikoak. Udarako bizipenez beterik: Zurriolako ilunabarrak, Bilboko egunpasak edo Pirinieotara egindako irteera. Zuzenean, lagunekin, Alde Zaharreko Intzara abiatu eta mahai baten bueltan bildu ginen. Argazkiak mahai gainean jarri eta garagardo bat, eta bi, eta hiru tarteko, guztiak ikusi eta berrikusi genituen. Une horretan denboran atzera egin genuen. Eta zoriontsu egin gintuzten une guzti horiek elkarrekin berriro bizi genituen.